Iruñeko Satorrak Espeleologia Taldeak 30 urte baino gehiago daramatza espeleologia munduan. 1974tik multzo karstikoen ikerkuntzan ari da, hala nola Nafarroako Katalogo Espeleologikoaren lanetan; hasieran Vianako Printzea Erakundearekin elkarlanean eta ondoren, Nafarroako Foru Diputazioaren Geologia sailarekin. Euskal Espeleologoen Elkartearen partaidea da sorreratik bertatik. Egindako lanen artean garrantzitsuenak hauexek dira:
LARRAKO KARSTAEN IKERKETA; 1977an hasi ginen multzo honen ikerketan nazioarteko bestelako taldeekin elkarlanean. Aurkikuntzen artean BU56 leizea dugu, munduko leize handienetako(sakonetariko)bat. Multzo honetan Euskal Herriko taldeekin eta Europako beste talde batzuekin leize garrantzitsuak ikertu ditugu, hala nola: AN3, B3, BU56, AN8 eta beste batzuk. Gaur egun gure lanaren muina leizeen kokapena da, GPSaren bidez egina, orain arte ziren errakuntzak zuzentzeko asmoz.
Larrako karsta (Satorrak argazki artxiboa)
ARALARREKO MULTZO KARSTIKOA. Bereziki Aitzarretako sorburuaren inguruan lan eginez; 20 urteko ikerketaren emaitzarik esanguratsuena Amutxateko leizea dugu. Bertan, kobazuloetako hartzen aztarnategi garrantzitsu bat topatu genuen, Hegoaldeko Europa osoko osatuenetariko bat. Gaur egun Amutxaten egindako ikerketen emaitzak argitaratzeko unean daude. Gaur egun gure lana da Hego isurialdean eta erdialdeko sinklinalean topatutako leize guztien kokapena GPSaren bitartez.
Amutxate´ko leizea. Aralarko hartzen koba. (Satorrak argazki artxiboa)
AEZKOA eta ZARAITZU ibarretako multzo karstikoak. Ingurune honetan hainbat leize eta kobazulo ikertu ditugu, batzuk sakonera handikoak. Bereziki Illon, Erremendia, Garralda, Abodi eta Berrendin lan egin dugu.
La Mena leizea, Nabaskotze. (Satorrak argazki artxiboa)
ARAXES IBAIAREN KARSTA. Azpirotz, Uitzi eta Aldatz (Larraun) inguruko mendietan leize ederrak esploratu ditugu.
BESTELAKO KARSTAK; Herrialdeko mendietan lan puntualak egin dira; hala nola: Baztanen, Leiren, Urbasan, Lokizen, Alaitzen eta Andian. Araban Salvada mendilerroan, Bizkaian Raneron eta Kantabrian Ason ibaiaren arroan EEEko taldeekin.
ESPEDIZIOAK; Larrako lanaz gain, hauetan zenbaitetan nazioarteko taldeekin aritu baikara, 1990ean eta 1991ean Venezuelako espedizioetan partaideak izan ginen. Espedizio hauek, EEEk eta SVEk sustatuak, Samanen kobazuloan eta Perija mendilerroko Mesa Turiken egin ziren.
Mesa Turikeko leize baten ahoa. Venezuela.(Satorrak argazki artxiboa)
ESPELEOLAGUNTZA; 1987an eta 1988an buru belarri parte hatu genuen nafar gobernuko Barne Departamentuarekin larrialdi plana prestatzeko, mendi eta espeleologiako alderdiak landuz. Era berean, gure taldea aitzindaria izan zen espeleolaguntzan, bai Nafarroan, bai Euskal Espelolaguntza Taldean. Denbora honetan guztian antolatutako jardueretan parte hartu dugu.
Nafarroako entrenamendu ariketa Basaura kobazuloan. (Satorrak argazki artxiboa)
ARGITALPENAK; Lan guztien emaitzak honako aldizkari hauetan plazaratu ditugu: Pirenayca, Gure Mendiak (Nafarroako Kirol Taldearena) eta Euskal Espeleologoen Elkartearen Karaitza aldizkarian. Beste aldetik, ikus-entzutezko emanaldiak prestatu ditugu lur azpiko mundua jendartera zabaltzeko asmoz. EITB eta Nafarroako Canal 6 telebistekin kolaborazioak egin ditugu espeleologiako mundua eta aurkikuntzak publiko zabalari jakinarazteko.
FORMAKUNTZA; Hasieratik bertatik taldeko kideak saiatu dira beren formakuntza pertsonala osatzen hainbat arlotan, hala nola: topografia, argazkilaritza, espeleolaguntza, leizeetara sartzeko teknikak, paleontologiaz, arkeologia eta beste. Horretarako ikastaro teknikoez gain, parte hartu izan dugu mintzaldi, topaketa eta jardunaldietan, bai espeleologia mundukoak izanda, bai gainerako arlo zientifikoetakoak. Hauetaz gain, taldeak zenbait ikastaro antolatu ditu gazte jendea espeleologiara erakartzeko asmoz.
1978 urtea; Euskal herriko espeleologi jardunaldiak Garaioa herrian, Nafarroa. (Satorrak argazki artxiboa)
KOLABORAZIOAK. Taldearen historian kide batzuek espeleologia zabaltzeko xedez hainbat material sortu dituzte liburuxka, txartel eta gainerako euskarriren bitartez; bereziki lur azpiko mundua babesteko eta gordetzeko.
Beste arlo batean, taldeak Ollaranean (Nafarroa) ibilbide bat prestatu du, bertako balio naturalak jendartean plazaratzeko. Ibilbide honek ibilaldi motzen homologazioa lortu du.
Bukatzeko erran kolaborazioak egin direla Nabarralde elkartearen Haria aldizkarian eta ateraldiak jendearekin lur azpia hobeki ezagutzeko.