Lumentxako labar-artea

admin
Site Admin
Mensajes: 1106
Registrado: 23 Nov 2010, 15:42

Lumentxako labar-artea

Mensajepor admin » 22 May 2014, 13:16

Kostatu zaie Foru Aldundikoei prentsaurreko hau ematea! Bi urte eman ditugu sekretua gorde ezinda...
O.

BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK HORMA-ARTE PALEOLITOKO MULTZO BATEN AURKIKUNTZA AURKEZTU DU, LEKEITIOKO LUMENTXA KOBAZULOAN EGINA

Osteguna, 2014(e)ko maiatzaren 22a 11:40

Bi bisonte eta zaldi baten burua, gorriz margotuak, aurkitu dituzte Lumentxa kobazuloaren barrualdean. Irudi horiek oso esanguratsuak dira, eta Kantauri eta Pirinio eremuko Madaleine aro berantiarreko jarduera artistikoari lotuta daude.

Joseba Ríos eta Diego Garate arkeologoen aurkikuntza bereziki interesgarria da, Lea-Artibai eskualdean izan delako. Eskualde honetan, izan ere, garai horretako aztarnategi ugari dauden arren, orain arte ez da horrelako arte adierazpenik aurkitu.

Irudien galeria

Ikusi irudia osorik: Kultura Diputatua Lekeitioko eta Ispasterreko alkateekin eta arkeologoekin
Ikusi irudia osorik: Miren Josune Ariztondo Kultura Diputatua eta Diego Garate eta Joseba Ríos arkeologoak

Bi bisonte eta zaldi baten burua, okre gorriz margotuak, aurkitu dira Lumentxa kobazuloaren barrualdean. Lumentxa kobazuloa Lea-Artibai eskualdean dago. Sarrera Lekeition dauka eta zati batean Ispasterren zehar doa. Garratxako koba ere esaten zaio leku honi; lekeitiarren artean oso ezaguna da, herrigunetik hurbil dagoelako.

Miren Josune Ariztondo Kultura foru diputatuak, arte-lanak aurkitu dituzten arkeologoekin batera, Diego Garate eta Joseba Ríos, Lekeitioko Lumentxako kobazuloko horma-arte paleolitoko aurkikuntzaren xehetasunak azaldu ditu. Jesús Lekerikabeaskoa, ispasterreko alkatea eta Maitane Larrauri, Lekeitioko alkatea ere prentsaurrekoan izan dira.

Aurkikuntza hau 2012. urtean egin zuten Diego Garate eta Joseba Ríosek, eta harrezkero aurkikuntza berriari buruzko ikerketak egin dira. Lumentxa Bizkaiko bigarren aztarnategirik garrantzitsuena da, Santimamiñeren atzetik, sekuentzia zabala daukalako eta berari buruz asko dakigulako.

Kobazuloak zenbait areto dauzka, segidan, galeria nagusiaren orientazio aldaketek mugatuak eta kaltziozko formazioek, aretoen arteko pasabideak estutzen eta zailtzen dituztenek, moldatuak. Lumentxako kobazuloko horma-arte paleolitoaz egin den azterketan, grafia multzo txiki bat identifikatu ahal izan da, bi patroi oso ezberdinak dituztenak: batetik, animalia handiz dekoratutako panel bat eta, bestetik, kobazulo osoan zehar sakabanatutako orbanak eta puntuak. Bi bisonteen eta zaldi baten irudiak dauzkan panelaren aukeraketa euskarriak berak baldintzatzen du erabat. Euskarriak, zalantzarik gabe, figuren ezaugarriak moldatu ditu. Mihisea alboko areto batean dago, askatutako bi blokek eratzen dutena. Areto horrek ondo mugatutako esparru bat osatzen du, pasabidearen ardatz nagusitik kanpo.

Bi bisonteak egiterakoan, bizkarrezurraren lerroa blokearen goiko mugarekin bat dator. Lerro hori hain nabarmena denez gero, artistak ez du margorik jarri. Zaldiaren kasuan, aldiz, aurrealdeko lerroa blokearen ertzaren paralelo da. Euskarriaren gorabehera naturalak irudietan txertatzea oso ohikoa da Kantauriko eta Pirinioetako Madaleine aroko multzoetan. Animalia handien irudikapena da hau, gorri kolorez egina. Bi ezaugarri horiek ez dira oso ohikoak Madaleine aro berantiarreko artean, baina badaude kasu gehiago.

Gai ez figuratiboak, hau da, orbanak, puntuak eta lerroak, askozaz ere modu erregularrean daude zabalduta kobazulo osoan, bai areto nagusietan bai sekundarioetan, baita iristeko zailak diren lekuetan ere. Askatutako bloke handiek eratzen dituzten plataformetako bateko zoruan okrezko orban handi bat dago, eta inguruko hormetan ere orbanak daude; dena kobazuloaren barru-barruan. Irudi horiek egiteko arrazoia, seguruenik, kobazuloaren esplorazioari eta lurpeko espazioa bereganatzeari lotuta dago, bestelako gauzei baino. Gainera, silexezko harri-puska bat aurkitu da hormako zulo batean sartuta.

Lumentxako kobazuloan labar-artea aurkitzeak balio erantsia ematen dio aztarnategi honi, Lea-Artibai eskualdean Madaleine aroan izan zen populatzea ulertzeko. Gainera, multzo honen topaketa bereziki garrantzitsua da Lea-Artibai eskualdean Goi Paleolitoaren amaieran zeuden populatze dinamikak ulertzeko, Lumentza Goi Madaleine aroan eskualdeko erreferentzia-gunea zelako ideia indartzen duelako. Paper hori Goi Madaleine aroaren amaieran eta Aziliar aroan galdu zuen. Aro hartan, izan ere, lurralde banaketa gero eta handiagoa gertatu zen eta, beharbada, Erdi eta Goi Madaleine aroan zegoen gizarte kohesioa eraldatu zen, bai tokiko eskalan, bai eskualdez gaindiko eskalan.

Volver a “Arqueo/Paleo”

¿Quién está conectado?

Usuarios navegando por este Foro: No hay usuarios registrados visitando el Foro y 1 invitado